XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Muskulu hau luzatuz eta beste hura uzkurtuz, hara eramanda eta hona ekarrita, gorputzaren milimetro karratu guztiak ziklikoki erakusten zizkion espaziotik iritsitako epeltasun guratsuari.

Agerian jarritako azal-puska berriek plazerezko ikarak sortarazten zizkioten, kinada-segidari jarraituz garunaren sakoneraino heltzen zirenak.

Sentsazio-uholde gustagarri kontrolatugabez asetzen ari zen.

Orgasmoaren atalasea ez zegoen urruti. Gailurra gertu zegoen. Haren txinpart-printzak sumatzen zituen. Desioa areagotu zitzaion Zaharari.

Hau uda ederra izan duguna pentsamendua burutik pasa zitzaion zirt-zart batean, bukatzear zegoeneko burutazio iluna urruntzen saiatzen zen bitartean.

Eguzkia horizonteko tontorrik altuena lamikatzen hasi zen une bertsuan, gailurreraino iritsi zen Zahara.

Plazerezko eztandan murgildurik, itorik kasik, istant batez ez zuen deus sentitu. Ia pisurik gabeko lumaska arinen moduan airean kulunkatzen sumatu zuen bere burua.

Une berean, natura osotasunean, bere xehetasunik xumeenetan ere, kaptatzeko eta gozatzeko gai zela ohartu zen.

Gorputz azpiko hondar-aleek hamaika kontu esan zizkioten, bakoitzak berea besteenaz desberdina; haizeak amodio-ipuinak ekarri zizkion; olatuen murmurioak haurren jolas-oihuak gogorarazi zizkion... Munduaren jaun eta jabe sentitu zen; une batez.

Hondartzan amaitzera etorritako bagen ozentasun entzungaitzak bainuaren atseginaz zirikatu zuen.

Oraindik plazerraren nirbanatik zeharo jaisteke ertzerantz abiatu zen igeriketaren zirrarez jabetu asmoz.

Ur epelak dardarazi zuen, hotza bailitzan. Osorik murgildu baino lehenago mendien gibelean ihes egiten ari zen eguzkiari so egin zionean, orduantxe, ikusi zuen ontzia.